XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HAITZA ETA SESKA

Haitza,
gaitza,
Haren aldean,
xara berean,
seska edo kanabera,
xume, bai eta minbera!

Egun hartan haitzak erran zion seskari:
Bihotzaren bihotzetik zaitut urrikari!
Ezen dardarika jartzeko, (hain zaitzu pizu!)
erregepettitta bat gainean aski duzu!
Norat haize
harat aise,
horra nola ziren bizi, burua apalduz,
eta, haize arinenen pean, bakea galduz.

Ene kaskoak aldiz, Larronarena iduri,
gogor egiten duela kalerna guzieri!
Haize txarrenak zaizkitzu mutiri,
bortitzenak aldiz pereka goxo niri!

Ene itzalpean sor bazinite oraino,
pairatzerik ez zinuke hoinbestetaraino,
gogotik zaint baitzinzazket aro gaixtoetan!
Daukat ez dela beti zuhurki ari Jainkoa
eta hartaz baduzula erranguratzekoa!

Zure urrikalpenaz eskerrak! -
zion ihardoki kanaberak.
Bainan, otoi, enetako ez griñarik har,
ezen haizeek, ez atzo, ez egun, ez bihar,
ez nute zu baino gehiago izitzen:
gurtzen ni, bai, bainan ez kraskatzen!